Senperetik Senpererat : begirada bat XX. mendeari

Hogoigarren mendea aldaketaren mendea izan da. Ehun urtez,
Eskual Herri osoa bezala, Senpere ere arrunt aldatu da, bizimoduetan,
lan egiteko moldeetan eta jendeen arteko harreman
mailan. Mende hastapeneko eta hondarreko bi Senperek eite
guti dute. Adin haundiko senpertarrek lehenbiziko autoak ibiltzen
ikusi dituzte, eta, urte batzuen buruan, gizona ilargirat gan
den eguneko lekukoak izan dira. Lehen, oinez ibili behar zuten
beti; eta orain, eskuko telefona mugikorrak ditugu denek sakelan,
Senpereko edozoin tokitik planeta osoarekin mintzatzeko.
Hogoigarren gizaldi hastapenean sortu diren senpertarrek bi bizi
izan dituzte, molde batez heziak eta prestatuak izan baitira eta,
pittaka-pittaka, bertze bizimodu arras desberdinean sartu eta
murgildu direlakoz.
Eskuetan duzuen liburuan ez da iragana goraipatzen, baina aitzinekoen
bizi modua nolakoa izan den ezagutarazi nahi da. Ez da
gertakari historikoen aipamenari mugatzen. Herritarrek berek,
emazteek eta gizonek, aldaketa sakon guzi horiek nola bizi izan
dituzten erakutsi nahi da. Senpereko herritar xaharrenen oroitzapenak,
gogoetak eta sentimenduak obra hunen ardatz nagusiak
dira. Lekukotasun bilduma hunen bitartez jakinen duzue, edo
oroituko zarete, duela urte batzuk arnoa eta eztia egiten zirela
kasik etxe guzietan, haur batzuk lanean hasten zirela zazpi urtetan
eta ogi jotzeak Senpereko bestak baino handiagoak zirela!
Sar zaitezte Senpereko eta senpertarren historia hurbilean. Jakin
ezazue hogoigarren mendean Europan berean gertatu diren
gatazka armatuek nolako ondorioak izan dituzten gure arbasoengan.
Ezagut itzazue desagertu diren eta galtzen ari diren
lanbideak, ohitura xaharrak eta bertsuak. Ikas ezazue osasuna
nola zaindu daitekeen landareeri esker.
Zatozte eta ibil zaitezte, denboran gaindi, Senperetik Senperat...